Bruselako Metroaren 43 unitate egingo ditu CAFek 353 milioirengatik

bruselas-metro-caf_foto610x342

CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresak beste kontratu bat erdietsi du, oraingoan Europako hiriburuan. Bruselako Garraio Interkomunalen Sozietateak (MIVB/STIB) 12 hilabeteko hornikuntza-kontratua esleitu dio Beasainen egoitza duen fabrikatzaileari, CAFek ohar batean jakinarazi duenez.

Sinatutakoaren arabera, Bruselako Metroaren 43 unitate egingo ditu euskal enpresak, 12 hilabeteko epean beste 47 egiteko aukerarekin. Trukean, 353 milioi euro jasoko ditu CAFek.

STIB da Belgikako hiri-garraio publikoko enpresa handiena, eta garraio-sare zabala kudeatzen du. Metroaz gain, tranbiek eta autobusek osatzen dute sarea, eta azken urteotan bidaiari kopuruari dagokionez igoera handia izan du urtero.

Ez da lehen aldia CAFek Bruselako Metroko unitateak egiten dituena. 2004an, 15 egin zituen, eta 2009an, beste sei. Ordutik, unitate horiek Belgikako hiriburuko metroko 1. eta 5. linean dabiltza.

Bruselako Metro berria

Bruselako Metroa berritzen ari da STIB enpresa, eta hain justu, kontratu honetan esleitutako unitateak izango dira lehendabizikoak. Unitate berrienak 1 eta 5 lineetarako egingo dituzte, eta 2019rako egongo dira prest. CAFen esanetan, “azken belaunaldiko trenak dira, eta era horretako ibilgailuetan teknologia aurreratuena izango dute”.

Tren fabrikatzaileak Europako merkatuan duen “posizioa modu argian sendotzea” dakar kontratu honek, CAFen. Bruselakoak ez ezik, Erromakoak, Helsinkikoak, Istanbulekoak, Bukarestekoak, Madrilgoak, Bilbokoak eta Bartzelonakoak ere Beasainen eginda daude.

2016ko ekitaldian esleitutako kontratu berrien zenbateko orokorra 2.000 milioi euro baino gehiagokoa izango da, euskal konpainiak nabarmendu duenez.

Iturria:

http://www.eitb.eus/eu/albisteak/ekonomia/osoa/4283570/bruselako-metroaren-43-unitate-egingo-ditu-cafek-353-milioirengatik/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.