Home / albisteak / Amiantoaren itzal luzea

Amiantoaren itzal luzea

2018an amiantoaren ondorioz hildako bi lankide ohiren omenaldia

Gaur goizean CAFeko langileok ordubete lanuztea burutu dugu amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz gaixotu eta hildako azken bi lankide ohiri omenaldia burutu eta heriotza horiek salatzeko.

Omenaldian hildakoen senideek ere partu hartu dute lore eskaintza bat eginaz. Horrez gain hildako baten lankide eta lagun batzuek ere parte hartu dute abesti bat eskaini digute.

Azkenik, Prebentzio Ordezkariek ondoren atxikitzen dugun irakurketa egin dute:

Gaur, berriro ere Amiantorenei monumentuaren aurrean elkartu gara amiantoarekin lanean aritzeagatik gure lankide izandakoak gogoratu eta omentzeko.


Dagoeneko 37 dira amiantoarekin lan egiteagatik Beasaingo CAFen hildako langileak.


Euskal Herrian bakarrik, 25.000 lagun inguru izango dira amiantoarekin lan egin zuten langileak 2012an debekatua izan zen arte.


2018a gaur arte amiantoak langile gehien hil dituen urtea bezala ezagutuko da. (ASVIAMIE) Amiantoaren Kaltetuen Euskal Elkarteak 34 langile zendu zenbatu zituen iaz. 2017an 22 eta urte bete lehenago beste 29.


Asbesto bezala ere ezagutzen den Amiantoaren mota guztiek era guztietako minbizia sortzen dute, biriketakoa, mesotelioma, laringekoa, obarioetakoa eta asbestosia edo biriketan fibrosia.


Osasunaren Munduko Erakundeak (OMS bezala ezagutzen dugunak) argi eta garbi azaltzen du: “Amiantoarekin esposizioa, lan tokian airean dauden zuntzak, amiantoarekin lan egiten duten ekoizpen puntuetatik gertuko airea edo amianto partikula hautsiak dauzkaten eraikin eta etxebizitzetako airea arnasteagatik eman daiteke”.


OMEren esanetan, munduan zehar 125 milioi pertsona inguru daude edo egon dira beren lan guneetan amiantoari esposizioa jasaten. Zenbaki hauekin, OMEk datozen hamarkadetan urtero 107.000 pertsona inguru hilko direla aurreikusten du.


Osalanek egindako ikerketa batean agertzen denez, datozen urteetan eta Euskal Herrian urteko 1000 kasu inguru emango dira amiantoaren esposizioarekin zerikusia duten gaixotasunetan, bertan zuzenean lanarekin zerikusia ez duten 90 bat mesotelioma kasu ere aurreikusten dituztelarik. Hau da konpentsazio funts bat sortu behar izatearen arrazoi nagusia.


2017ko urrian, Eusko legebiltzarrean jorratu eta adostu ondoren, espainiar kongresuak lege proposamen bat onartu zuen, bertan beste gauza batzuen artean Amiantoarekin kaltetuenentzat konpentsazio funts bat sortzea aurreikusten delarik. Baina beste hainbat gaietan bezala, ekimen politikoak berandu datoz. Frantzia, Belgika eta Herbereetan urte asko dira horrelako neurriak martxan daudena.


Hori dela eta iazko apirilaren 27an zerrenda beltzean dagoen edozein langileri, amiantoarekin lan egin izateagatik garatutako gaixotasuna diagnostikatzen zaionean, inolako izapide judizialen beharrik gabe, gaixotasun profesional bezala onartzea, eragindako kaltea onartzea eta dagokion indemnizazioa ematea eskatu genion enpresari.


Baina berriro ere zuzendaritzaren erantzuna zehaztasunik gabea eta anbiguoa izan zen, alderdi sozialaren eskariari muzin eginez eta basakeria honetan duen erantzukizuna ukatuz.


Gure aldetik, instituzio, politikari eta enpresen aldetik dagoen erantzukizun falta, ukapena eta desinformazioa salatzen jarraituko dugu. Hau ez delako kasualitatea izan, hau jakina zen eta onartu egin zuten.


Gai honetan adituak direnek esaten dutenez, datozen urteak ez dira batere onak izango amiantoarekin lan egin izanagatiko gaixotasunen inguruan. Honen aurrean, sindikatu eta eragile desberdinek kalera irten eta ankerkeria hau guztia salatzeko deialdia egiten dugu.


Hau dela eta, datorren maiatzaren 10erako deialdi berezi bat egiten dugu. Maiatzaren 10ean, trengintza sektorean dihardugun enpresa desberdinek mobilizazio eta geldialdiak deitu ditugu; denon artean adosturiko manifestu batekin eta helburu berdinarekin. Iruzur eta sufrimendu gehiagorik ez: aitorpena, erreparazioa eta prebentzioa!


Gehiago luzatu gabe, eskerrak ematen dizkizuegu honaino etorri zareten guztiei eta bereziki gure lankide izandakoen familiartekoei.


Milesker.


Beasainen 2019ko apirilaren 30ean.
CAFeko Enpresa batzordea

Gaurko omenaldiaren argazki galeria: https://flic.kr/s/aHsmAR4UE8

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.