Home / CAF prentsan / SOLARISI, CAF TALDEKO ENPRESARI, ESLEITU DIZKIOTE EUROPAKO HAINBAT HIRITARAKO ZERO ISURPENEKO AUTOBUSEN KONTRATU BATZUK

SOLARISI, CAF TALDEKO ENPRESARI, ESLEITU DIZKIOTE EUROPAKO HAINBAT HIRITARAKO ZERO ISURPENEKO AUTOBUSEN KONTRATU BATZUK

CAF Taldeko autobusen fabrikatzaileak ingurumenarekiko abegitsua den teknologia duten unitateen hainbat hornikuntza-kontratu adostu du azken egunotan Estoniako, Poloniako, Norvegiako, Hungariako eta Errumaniako hirietan. Haien guztizko bolumena 70 milioi euro baino gehiagokoa da.

Gas natural konprimatu bidezko autobusen kontratu handia Tallinnen

Solarisi esleitu diote Estoniako hiribururako gas natural konprimatu bidezko (GNK) hiriko 100 autobus hornitzeko lehiaketa. Hiriko operadoreak, Tallinna Linnatranspordi AS izenekoak, 2020. urtearen amaieran Solaris Urbino 12 modeloko 60 autobus, eta Solaris Urbino 18ko 40 autobus artikulatu jasoko ditu. Kontratu hori da Poloniako fabrikatzaileak ibilgailu mota horiekin lortu duen bigarren kontratu handiena eta guztizko balioa 27 milioi eurokoa da.

12 eta 18 metroko bertsioetan, ibilgailu berrien bihotza gas natural konprimatuaren (GNK) erregaiarekin lan egiteko egokituta dagoen 239 kW-ko motorra izango da. Hotzean abiatzeko funtzioarekin ekipatuta egongo da eta, horri esker, kanpoan tenperatura baxuak daudenean abioa erraztuko da. Gidatze-sistema, aldiz, abiadura-kaxa automatikoarekin osatuko da, gidatze arloko erosotasun egokia bermatzeko. GNK gasa biltegiratzeko andelak (ibilgailu bakoitzak bosna ditu) sabaian egongo dira eta bakoitzak 315 litroko edukiera izango du.

Autobusek ere edukiera handia izango dute; Urbino 12 modeloan, 80 bidaiari baino gehiago garraiatu ahal izango da, eta Urbino 18 modeloak, aldiz, 150 pertsona arte.

2002. urtetik daude Tallinnen ingurumenarekiko abegitsuak diren Solarisen ibilgailuak; ordutik, enpresak 50 trolebus baino gehiago hornitu ditu. Kontratu horri esker, Estonia bihurtuko da Solarisek gas natural konprimatuko autobusak hornituko dizkion Europako hamalaugarren herrialdea honako hauekin batera: Alemania, Norvegia, Suedia, Txekiar errepublika, Italia, Herbehereak, Espainia eta Frantzia.

Poloniako Lublin hiriak Solaris hautatu du ibilgailu elektrikoak hornitzeko

Lublin hirian garraio publikoaz arduratzen den agintaritzak, ZTMk (Zarz?d Transportu Miejskiego), Solarisekin akordioa sinatu du 20 autobus elektriko eta 15 trolebus hornitzeko. Operazioaren zenbatekoa 25 milioi euro baino gehiagokoa da eta unitateak pixkanaka entregatzea aurrez ikusi dute. Lehenengoak 2020ko azaroan (5 trolebus) entregatuko dituzte, eta besteak 2021eko apirilean (10 trolebus) eta irailean (20 autobus elektriko).

Solaris Urbino 12 autobus elektrikoak 116 kWh-ko Solaris High Power bateriekin ekipatuta egongo dira birkarga maiz eta bizkor egin ahal izateko. Birkarga-prozesua minutu batzuetan egingo da sabaian muntatuta egongo den pantografoaren bidez. Bien bitartean, entxufe bidez lotu daitezkeen konektoreak gaueko kargan erabiliko dira autobus-geltokian. Gainera, ibilgailuaren sabaian jarrita egongo diren panel fotovoltaikoek autobus-sistema ugariek energia modu optimizatuan erabiltzea ahalbidetuko dute.

Ibilgailuak hornitzeaz gain, Solarisek beharrezko azpiegitura ere instalatuko du. Horretarako, linean egunez birkarga bizkorra egiteko diseinatutako pantografoko lau kargagailu jarriko ditu, eta kargatzeko beste hamar puntu. Haiei esker, aldi berean kargatu ahal izango dira bi autobus eta bi kargagailu mugikor (autobusen deposituan kokatuta egongo dira)

Bestalde, Solaris Trollino 18 modeloko 15 ibilgailu artikulatuak ere Solaris High Power bateriekin ekipatuta egongo dira. Horiei esker, ibilgailuak aireko kableekiko konexiorik gabe zirkulatu ahal izango du energiaren hornikuntzak kale egin edo ibilbidea aldatuko balu.

Unitate guztiak aire girotuko sistemarekin, LED lanpara ekologikoen bidezko argiztapenarekin, gailu mugikorretarako USB karga-portuekin eta kameren zirkuitu itxiarekin ekipatuta egongo dira. Kamera horiek ibilgailuaren barnealdea zein atzealdea eta aurrealdea grabatuko dituzte eta, hala, zerbitzuan, segurtasun handiagoa bermatuko da.

Solaris da gaur egun autobus elektrikoen produkzioan eta salmentan Europako liderra eta, gaur egun, 800 autobus elektrikoko proiektuak ditu 18 herrialdetan. Zehatzago esanda, Polonian, orain arte, 16 hiritarako 118 autobus elektriko hornitu ditu eta horiei aurten Varsoviarako (130 autobus), Pozna?-erako (21 autobus) eta Lublinerako (aipatu berri dugun hau) esleitutako kontratuak gehitu behar zaizkie. Ondorioz, datorren urteetan, herrialde hartan zirkulatzen ari diren Solarisen ibilgailu elektrikoen kopurua ia hirukoiztu egingo dela esan dezakegu.

Solarisen trolebusen lehen kontratua Norvegiarako

Solarisek, bestalde, kontratua hitzartu du Keolis Norge AS operadorearekin eta, horren arabera, Bergen hirirako (Norvegiako bigarren hiri handiena) Solaris Trollino 18 modeloko 10 trolebus artikulatu hornituko ditu. Bergen hiriari “fiordoen atea” ere deitzen zaio eta Unescok prestatutako Gizateriaren Ondare diren hirien zerrendan dago. Akordioa 8 milioi eurokoa da eta 2020ko irailean lehen entregak egiten hastea aurrez ikusi dute.

Zero isurpeneko unitate horiek Bergeneko trolebus-linea bakarrak dituen 7,5 km-etan eskainiko dute zerbitzua eta motor elektriko batek propultsatuko ditu. Gainera, trakzioko bateriak izango dituzte eta, haiei esker, 11 kilometro baino gehiagoko distantzia egin ahal izango dute katenaria-sistemara konektatu beharrik izan gabe. Bateria horiek kargatu egingo dira ibilgailua bere ibilbidean zirkulatzen ari den bitartean. Horrez gain, isolamenduko pakete bereziarekin ekipatuta egongo dira eta horrek erosotasun termikoa hobetzeaz gain, baldintza atmosferiko gogorretan energiaren kontsumoa gutxitzen du.

Poloniako fabrikatzaileak Norvegiarako egingo dituen lehen trolebusak izango dira, baina ez Eskandinaviarako egindako lehenengoak. Izan ere, Solarisek aurretik ere hornitu dizkio trolebusak Suediako Landskrona hiriari. Bergenekin batera, horixe da garraio publikoan trolebusak erabiltzen dituzten Eskandinaviako hiri bakarra.

Autobus elektrikoak eta hibridoak Hungariarako eta Errumaniarako

Amaitzeko, duela gutxi Solarisek itxi dituen beste bi kontratu aipatu behar dira. Zehatzago esanda, Hungariako Paks hirirako 10 autobus elektriko hornituko ditu kargatzeko bost estaziorekin. Horiek izango dira Solarisek Hungariako herrialderako hornituko dituen lehen autobus elektrikoak; izan ere, orain arte ia 150 ibilgailu banatu ditu bertan, baina haietako 100 inguru trolebusak ziren. Gehienak Budapest hiribururako izan dira.

Bestalde, Satu Mare izeneko Errumaniako hiriak ere Solaris hautatu du 11 autobus hibrido hornitzeko, eta kontratua beste 6 ibilgailurekin handitzeko aukera dago. 2002. urtetik du Solarisek presentzia herrialde hartan; izan ere, Errumaniako hainbat hiritarako 250 autobus eta trolebus inguru hornitu ditu ordutik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.