Rafa Diezen begirada El Duesotik

Una mirada sindical a contracorriente liburuaren haritik, egungo eztabaida politikoa astindu du Elorrietak egindako hausnarketa garrantzitsuekin. ELAren hitzek, EAJri eta Ezker Subiranistari kritikak eginez prozesu politikoarekiko izan duen jarrera mugagabearen etaparen ondoren, aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko esparru politiko eta sozialaren artikulazioaren parte izateko borondatea erakusten dute, LABekin garatu beharreko ekintza batasun estrategikoan oinarrituz. Halaber, EAJren eta Ezker Abertzalearen arteko Maltzaga edo Lizarra-Garazi berri bat ezinezkoa dela azpimarratzen du Elorrietak, horren aldeko jarrera egoskorrek EAJri prozesuaren kontrola ematen diotela eta, aldi berean, burujabetza eta aldaketa sozialaren aldekoak diren sektoreen artikulazioa zailtzen duela adieraziz.

Egia da EAJk, bere oinarri sozialaren sektore baten jarrera beste bat izan arren, ez duela egun Maltzagarik bere jomuga politikoan, prozesu katalan eta neozentralismo unionistak eman arren, ez delako nahikoa estutua sentitzen borroka politikoan (konfrontazio demokratikoa landuz) arriskatzeko, ezker independentista edo sindikalismo abertzalea bidelagun izanik. Urkulluren klase eta posizio politikoa oso argia da: Transferitu gabeko eskuduntzez, Itun ekonomiko eta Kupoaz, eta gure izaera nazionalaren izendapen juridikoaren inguruko ukitu semantiko batzuez… EAEn «status-estatutu»-a leheneratzea eta horrekin, klase kudeaketarako, uneko alderdi unionistarekin hegemonia mantentzea, Confebaskek urruneko kontrolaz «agintzen» jarrai dezan. Jarrera hori, hori bai, bi aldagai nagusirekin baldintzaturik egongo da: Katalunia eta Estatuaren arteko talkaren ondorioz eta Euskal Herriko indar-korrelazio instituzional eta sozialen bilakaeragatik.

Bada, EAJren klase eta posizio politikoaren identifikazioarekin bat egiten badugu, galdera hauxe da: non dago arazoa? Elorrietaren aburuz, EA tematurik dago ezinezkoa den Maltzaga batean, eta ez du interesik aldaketa sozial eta espazio subiranistaren aurre artikulazioan. Ez dut inondik inora uste EA antagonismo honetan kokatuta dagoenik, eta, halaber, esparru abertzalean ELA «gutxieneko akordioa» eskatzen ibili zela ere gogorarazi behar dut, hegemonia eskuratzeko borrokako joera alderdikoiak kritikatuz.

Ulertzen dut, beraz, denontzako urte hauek nahiko nahasi eta aztoratuak izan direla, arlo politiko eta sindikalaren joko zelaiko aldagaiak biziki azkar mugitu baitira. Orain, agertokia askoz finkatuagoa izanik, ikuspegi taktiko-estrategikoak dituzten proposamen eta aliantzak erabakitasun eta metodoz garatu behar ditugula ikusten dut. Horrek mesede egingo dio lantegietako ofentsiba soziala artikulatzeko botere eta eskubideak berreskuratuz, eredu ekonomiko alternatiborako gihar soziala indartuz eta, jakina, aitortza nazionalean eta burujabetzan oinarritutako aldaketa politikoa sustatuz. Beraz, oso argi geratzen da, lehen urrats moduan subiranista eta ezkertiarren estrategia indartsu eta partekaturik gabe, ez dugula lortuko EAJk metodo bezala planteatutako aldebikotasuna estatutuaren erreforma kamuflatutako bidea baldintzatzea.

Zentzu horretan, duela aste batzuk bateratasun horren beharra eta bere marko ideologikoa kokatzen nuen: «Ez dago aldaketa sozialik burujabetza politiko-ekonomikorik gabe, botere politikoa euskal jendartearentzat berreskuratu gabe. Eta ez dago prozesu subiranistarik neoliberalismopean, estrategia subiranista-independentista baterako jendartearen atxikimendua oztopatzen eta zatitzen duten neurri ekonomikoen menpe». Nire ustez, marko ideologiko hori proposamen eta politika sozialez bete beharra dago, esparru bakoitzaren autonomia errespetatuz, borroka ideologikoa, masakoa eta instituzionalaren eragina biderkatzen.

Alde batetik, sindikalismo abertzaleak uste sendoz eta anbizioz batasun sindikala garatu beharra dauka, jakinda, gainera, lan esparruetan zein gizartean neoliberalismo orokorrak eta «euskal» neoliberalismoak hustutako boterea berreskuratzeko oinarrizkoa izango dela. Eta, beste aldetik, Batasun Sindikalak proposamen juridiko-politiko zein eredu sozialaren inguruko puntu komunekin sindikalismo abertzalea birkokatu behar du, anitza eta partekaturik (alderdi zein erakunde sozialak) izan beharreko abangoardiaren partaide bezala.

Ondorioz, ez al da hitz egin beharko, Euskal Estatu bat babesten dugunon artean, Koordinatzaile edo Mahai Sindikal Abertzale bati buruz, Batzorde Nazional batez, edo Kontseilu Ekonomiko eta Sozial Nazional bati buruz, zeinak sinergiak sindikalismo, unibertsitate, espazio ekonomiko, kooperatibora… bideratuko dituen, eta perspektiba estrategikoarekin, sakoneko gaiei komunitate nazional bezala helduko dien?

Hortaz, lanaren zerumuga eta helburuak argiak dira, eta garaia da horren inguruko azterketarako ahaleginak inbertitzeko, harremanetan konfiantza areagotzeko eta gogoa izanik eduki, etapak eta ebaluatzeko tresna komunak zehazteko.

Irakurri jatorrizko albistea:

Euskerazko gutuna.

Gaztelerazko gutuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.