MUGIKORTASUNA

Udarako ordutegiarekin batera, aparkalekuetako ohiko arazoak itzuli dira. Ostiraletan urte guztian gertatu ohi diren kotxe pilaketak, eguneroko ogi bilakatzen dira, ekaineko, uztaileko eta iraileko hilabeteetan. Gainera, datozen hilabeteetan emango diren langile berrien sarrerak (180 inguru), aparkalekuetako arazoa areagotuko du seguruenik, nahiz eta arazoa bera zaharra den.

Arrazoi ezberdinen artean hauek nabarmenduko genituzke:

  • Beasain, Ordizia eta Lazkaoko langile asko, kotxez eta bakarrik etortzea.
  • Gainontzeko herrietatik kotxeko pertsona bat etortzea.
  • Beasaingo Udalak, Ezkiaga auzoan (Porteria) aparkatu ahal izateko “CAFeko langileen aurka” ezarritako ordenantza.
  • Bere garaian, CAFeko langileontzako enpresarekin adostu zen doako autobus zerbitzuari, hain zuzen doakotasuna kentzea. Honek erabilera nabarmen jaitsi zuen zerbitzua desagerraraziz.
  • Trena erabiltzeko prest dauden langileei jarritako oztopoak.
  • CAFeko Zuzendaritzak (eurenak mantenduz), Sarrera Nagusian egindako aldaketen ondorioz kotxeentzako hainbat plaza kentzea.

Lehen ere sarri hitz egin eta idatzi izan dugu gai honen inguruan eta onartu beharra dago ez dela aurrerapenik lortu. Orain ordea, pasa den ekainaren 1ean egunkari batean agertutako albiste baten arabera, Ordiziako Buztuntza auzotik Beasaingo “Mataderiko” aparkalekura arteko trenbide zatia, N1 errepidearekin paraleloan desbideratzeko proiektua burutu ahal izateko, proiektuaren erredakzioa hasteko, 450.000€-ko aurrekontua onartu dute.

Urteak dira (azkeneko aldiz 2006-2007an), trenbidea mugitzeko proiektu hau egiteko saiakera ezberdinak egin izan direla baina oraingoan badirudi, bukaeraraino iristeko aukerak daudela. Zein onura ekarriko lizkiguke proiektu honek CAFko langileoi? Urteak dira baita ere CAFen eremutik gertu, trenentzako geraleku bat (apeadero) egiteko aukera mahai gainean egon izan dela. Langileoi, lanera etortzea erraztuko liguke eta gainera, errepidean askoz denbora gutxiago pasa beharko genukeenez, segurtasunean ere asko irabaziko genuke.

Oraindik, proiektua aurre fasean dago baina aukera hau ezin dugu pasatzen utzi. Beraz, honek ekarri dakizkiguken onurak (ekonomikoak, ekologikoak, segurtasunekoak…) azpimarratu behar ditugu. Erakunde publikoetan proiektu honen inguruko informazioa eskatzea eta zehaztasunak argitzea dagokio Zuzendaritzari. CAFeko langileontzat bereziki, baina guztiontzat oro har onuragarria litzatekeen apeaderoaren proiektua mahai gainean dagokion instituzioan jartzeko une aproposa izan daiteke. Enpresako arduradunek adi egon beharko dute honetan.

Urteetako kontua izan daiteke, beraz, bitartean zer? LABen ustez, Zuzendaritzak Hitzarmeneko plataforman egiten den ondorengo eskaera onartzeak asko lagunduko luke:

“4.7- Garraio publikoa erabiltzeagatik sarrera ordutegia egokitzea. Lanera etortzeko garraio publikoa erabiltzen duten guztiek sarrera ordutegia egokitu ahal izango dute. Era honetan, sarrera aurreratu edo atzeratzeko izango dute gehienez 30 minututan.”

Bestalde, egunero bizikletaz gatozen langileoi, lanean gauden bitartean bizikletak behar bezala gorde eta babesteko hartu behar diren neurriak hartzeko ere eskatzen diogu Zuzendaritzari.

Beasain, 2017-06-28