Manifestazioa egin zuen atzo LABek Beasainen, metalgintzako greba egunean

Gipuzkoako metalgintzako enpresetako langileek greba eguna izan zuten atzokoa, eta Goierrin ere jarraipen zabala izan zuen lanuzteak. Iluntzean Beasainen manifestazioa egin zuten ehunka lagunek LABek deituta. Herriko kaleak zeharkatu ondoren, Udaletxe aurrean eman zioten amaiera. Bertan, sindikatuko kide batek nabarmendu zuenez “presioak egon dira enpresetan, baina ozenki esan diogu Adegiri ez garela ezkutatzen, borrokara prest gaudela, aurrez aurre, hitzarmen sektorialaren alde”.

Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena “ondasun” bat dela esan zuen LABeko kideak eta ez diotela Adegiri “lapurtzen utziko”. “Ondasun bat da gordetzen dituen lan baldintzengatik, langileen atxikimendua duelako eta borrokari esker lortutako hitzarmena delako”, zioen. Horregatik, langileei borrokarako deia egin zien: “Euskal Herrian badakigu ez digutela inoiz ezer oparituko, guk nahi dugun errealitatea, gure seme-alabentzako nahi dugun gizartea, soilik borrokari esker lortuko dugula badakigu”. Hala, hilaren 30erako deitua dagoen greba orokorrean lantegiak utzi eta kalera irtetzeko eskatu zien bertaratuei

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.