LABen iritzia Zuzendaritzak hitzarmenari eman dion erantzuna dela-eta

Joan den ekainak 5ean enpresak proposamen berria helarazi zion enpresa-batzordeari hitzarmen kolektiboan egiten ari garen negoziazioaren barrua. Balorazio sakonagoa egin beharrean bagaude ere, hainbat alderdiren inguruan LABk duen jarrera aurrera dezakegu.

Lehenik eta behin aipatzekoa da zuzendaritzak aurreko testuan jasotzen zuen 35 orduen inguruko “leloa” bertan behera utzi duela. LABen iritziz, positiboa izanik ere, ez da lorpen bat lehendik eduki bageneukan zerbait berretsi baino ez baitu egiten. Zuzendaritzak bazekien, jakin ere, ezin zuela asteko 35 orduko lanaldia igo, trukerako txanpon gisa erabiltzen saiatu bada ere. Enpresako kolektibo guztiei urtean 1.592,5 orduak aplikatzea eskatzen jarraitzen dugu.

Enplegu-politikaren atalean, lanbideka zehaztu du 2017an sartuko diren langileen kopurua; 73 Beasainen, eta 38 Irunen. Horrez gain, finkoak egiteko formulazio bat aipatu du. Hortaz, enpresa-batzordeak egindako eskaerari erantzuten diote.

Azpikontratazioari dagokionez, LABk proposatu eta ondoren plataformak jasotakoari neurri batean positiboki erantzun dio. IPko, mantentze-lanetako eta erosketetako azpikontratetako langileak (gure instalazioetan azken bi urteotan lan horiek burutzen ari direnak) CAFen txertatzea proposatu du. Enpresaren datuen arabera, 26 langile lirateke. Positiboki baloratzen dugu emandako urratsa, nahiz eta aztertu beharko dugun ea neurri horrek langile gehiagori eragin diezaiokeen. Bestalde, berriro diogu, antzeko formula bat erabili beharra dago Irungo plantako Garitrans-eko langileentzat. Halaber, enpresa osoan egiten diren azpikontratazioei buruzko informazio-bide argiak eskatzen ditugu.

Arlo ekonomikoari dagokionez, enpresak planteatu duen formularen bitartez, soldata-igoerak bi atal izango lituzke. Batetik, zati kontsolidagarria egongo litzateke; hau da, KPIa (2017an % 1,5). Eta bestetik, kontsolidagarria ez litzatekeen beste zati bat egongo litzateke; hau da 340 € baldin eta 2017ko aurreikuspenak betetzen badira.

Soldataren inguruan zuzendaritzak proposatutako formula ez dugu onartzen. Hala ere eta gainerako edukien baitan, LAB prest dago soldata igotzeko beste modu batzuk aztertzeko, betiere, eta gutxienez, KPI erreferentzia edukiko duen eta indize hori gaindituko duen igoera kontsolidatua,

eta enpresak duen errekuperazio-egoeraren ildo berean joango den soldata-igoera bermatzen bada.

Positiboki baloratzen dugu plataforman proposatutako baimen batzuei positiboki erantzutea, eta bajen gaian planteamendu atzerakoia erretiratzea. .

Enpresak, halaber, Vicuñak Beasainen egiten dituen lanei mugak jartzearen inguruan plataformak proposatutakoari ere ‘positiboki’ erantzun dio.

4.saileko Kitting-ari dagokionez, enpresak gure instalazioetan eta CAFeko langileekin burutzea planteatu du. Eragiketa hori egiteko egon daitekeen lekurik onena aztertzen ari direla esan dute. Eragiketa horrek 20 pertsonari emango lioke zuzeneko lana. Positiboki baloratzen dugu iragarritako hori, azpikontrata zitekeen lan baten geroa argitu baita.

Bestalde, enpresak errodajeetako gainsaria ezabatzeko asmoa du; eta horren ordez, plus pertsonal bat jarriko nahi du, kategoria igoerekin eta antzinatasunarekin murriztuko ez dena eta izoztuta geratuko dena. Plus hori azken urteko jardueraren batez bestekoarekin kalkulatuko litzateke. LABk esana zuen prest zegoela gai hori aztertzeko, betiere neurri horren eraginpean zeuden langileei kalterik ekarriko ez balie, eta hitzarmeneko gainerako puntuak baldintzatuko ez balitu. Ez dugu ikusten une honetan bi baldintza horiek bete daitezkeenik; hortaz, hitzarmenak iraun bitartean gaiari heltzeko gure konpromisoa berresten dugu, ez ordea, gaia negoziatzeko.

Finean, enpresak planteatutakoa zalantzarik gabe bide onean emandako aurrerapausoa izanik ere, ez ditu bete LABk hitzarmenean jarrita zituen itxaropenak. Aurrerapenak eman behar dira bai soldatetan, bai baimenetan, malgutasunean eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeari dagokionean. 35 orduek unibertsalak izan behar dute CAFn. Halaber, enpresak azken urteotan CAFentzat modu “irregularrean” lan egin duten pertsonen egoera erregularizatzeko urratsak eman dituen honetan, gure iritziz eskaintzak jasotzen dituenak baino kasu gehiago daude; hortaz, gaiari argi eta irmotasunez heldu beharko lioke enpresak, eta halako egoerak behin betiko ordenatu.

Beasain, 2017/06/09

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.