Ekoizpenaren aurrean langileon osasuna lehenesteko garaia da

COVID19 birusak eragindako egoeraren aurrean, langileon osasuna bermatuta ez zegoela ikusita, Enpresa Batzordeak urgentziaz ondorengo eskaera egin dio CAFeko Zuzendaritzari.

Administrazio ezberdinak ezartzen ari diren etengabeko neurri sortak talka egiten du CAFeko lantegietan ekoizpena jarraitzeko aukerarekin.

Ia herritar guztiak etxean konfinatuta egotea ez da bateragarria 2.500 pertsona baino gehiago dituen lantegi batera lanera joatearekin.

Ezinezkoa da eskatzen ari diren oinarrizko neurriak kontrolatzea (gutxieneko distantzia, autoa ez partekatzea, higiene jarraitua …). Tailerrak, aldagelak, bulegoak, korridoreak, komunak, hainbat pertsonaren artean egin beharreko lanak … Ekoizpenaren beraren eskakizunak kontraesanean daude ezartzen ari diren neurriekin.

CAFen instalazioetan jatorri oso anitzeko langileak daude, eta horrek kutsatzeko aukera areagotzen du. Gainera, langile horien aniztasun geografikoaren ondorioz, transmisio-foku potentziala gara Euskal Herriko geografia osoan.

Administrazioek har ditzaketen lan-arloko neurrien zain, uste dugu krisi honen pisua ezin dela zuzenean langileen bizkar gainean jarri. Badakigu guztiok lagundu behar dugula, eta, horregatik, geldialdi hori gauzatu ondoren, baldintzak negoziatzeko prest gaude.

Beasaingo lantegiko ekoizpena erabat gelditzeko eskatzen diogu CAFeko zuzendaritzari.

Instalazioak itxi ezean, Beasaingo lantegian eman daitezkeen kutsatze guztien erantzule egiten dugu enpresako zuzendaritza.

Gaur goizean zehar erantzun bat jasotzea exigitzen dugu.

Ekoizpenaren aurrean osasun publikoa lehenesteko unea da.

Zuzendaritzak ere langileon osasuna bermatu ezin duela onartu ondoren, martxoak 16tik Beasain eta Irungo lantegiak ixteko erabakia hartu du. Etxetik lan egiteko modua dutenek lanean segituko dute.

Datozen egunotan geldialdio honen inguruko xehetasunak negoziatzeko epealdi bat irekiko duela adierazi du Zuzendaritzak.

Salbuezpeneko egoera batean, CAFeko langileok berriro ere osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzen dugula argi eta garbi erakutsi diogu Zuzendaritzari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.