HITZARMENEKO LEHEN BILERARI BURUZKO LABen BALORAZIOA

Zuzendaritzak ez du ezer seriorik ekarri hitzarmenaren lehen bilerara. Horren lekuko dugu ez duela ezer aurkeztu idatziz. Hala ere, zuzendaritzak esandakoaren balorazioa egingo dugu LABko kideok.

IRAUNALDIA: 3 urterako hitzarmena nahi dute, baina ez du 2019rako errelebo-kontratua eskaini. Iradokizun onartezina da hori. LAB, beti bezala, 2 urtetik gorako iraunaldiak aztertzeko prest egongo da, betiere eskainiko diren edukien baitan. Kasu honetan, zuzendaritzak jakin beharra dauka LABk ez duela, inondik ere, 3 urteko hitzarmenik onartuko baldin eta 3 urte horietarako errelebo-kontratua bermatzen ez bada.

SOLDATA IGOERA: ez dago gaizki zuzendaritzak bere eskaintzak KPIrekin hastea. Baina jakin beharra dauka hitzarmen honetan soldata-igoerak KPI baino “dexente” handiagoa izan beharko duela.

ERRODAJEETAKO GAIN AKTIBIDADE PRIMA: Zuzendaritzak gai honi irtenbidea  hitzarmen honetan eman nahi dio. Horretarako altzairutegiko langileei eman dieten ildotik planteatzen dute irtenbidea. Guretzako ez da berebiziko gaia eta behin hitzarmena bideratuta egon eta gero, honi buruz hitz egiteko prest egongo ginateke.

GAIXOTASUNAGATIKO BAJAK: plataforman eskatu ez bada ere, ados gaude absentismo-eskalak berraztertzearekin; jakina, hobetze aldera.

LIZENTZIAK ETA KONZILIAZIOAN HOBEKUNTZAK: Zuzendaritzak, honen inguruan ezer hobetzeko ez duela dio. Azken hitzarmenetan antzemandako zenbait karentzia eta beharrezkoak ikusten ditugun zenbait hobekuntzari erantzuten diote aldaketa hauek. Eskaera hauek besterik gabe alde batetara utziko ditugulakoan badago, zuzendaritza oso nahastuta dabil.

AZPIKONTRATATUTAKO LANGILEAK: positibo iruditzen zaigu zuzendaritzak langile azpikontratatuen egoera aztertzea onartzea.

LABen iritziz, azpikontratazioaren kontu honek puntu garrantzitsua izan behar du hitzarmen honetan. Aldarrikapen honen ildo nagusiak azpimarratuko ditugu berriz:

  • IPko lanak eta mantentze-lanak ekoizpenarekin lotuta dauden lan gisa hartzea, eta lan horiek burutzen dituzten langileak CAFeko plantillan sartzea.
  • CAFeko plantillan sartzea Irunen biltegi orokorreko lana egiten duten GARITRANSeko lanak eta langileak.
  • Vicuña enpresak egiten duen lana materiala eta ibilgailuak garraiatzera mugatzea.
  • Kamioi-gidari autonomoak CAFen plantillan sartzea.
  • CAFeko lana egin eta gure instalazioetan modu iraunkorrean lan egiten duten enpresa filialetako langileak behin betiko CAFen integratzea.

‘LEAN’en EZARPENA: zuzendaritzak ez du LABentzat oso garrantzitsua den puntu hori aipatzen. ‘LEAN’ dinamika ezartzea modu arautuan egin behar da. LABk proposatu du bideo-grabaketak arautzea. Horrez gain, grabaketa horiek enpleguan duten ondorioez hitz egin behar dugu, eta KITTING nola burutu zehaztu beharra dago.

LANALDIA: ez dago ezer esateko; nahi badute, has gaitezke 32 orduko lanaldiaz hitz egiten! Gure bultzada CAFen unibertsalki lankide guztiok ordu kopuru berdina izatea jarraitzen du izaten.

Plataformak beste puntu garrantzitsu batzuk ere baditu. Aipatuko ditugu hurrengo komunikatu batean. Zuzendaritzari eskatzen diogu, benetan hitzarmen bat sinatu asmo badu, onartzeko moduko eskaintzak egin ditzala.

HITZARMENA SINATZEA: LABk BIMeko enpresa-batzordeetan ekimen bat aurkeztu du sindikatu guztiek batzarrak onartutakoa sinatzeko konpromiso har dezaten. Ikusiko dugu zer dioten gainerakoek.

Beasain-Irun, 2017ko Otsailak 22

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.