Epaitegi batek ebatzi du emakume bat senarraren arropa garbitzean arnastu zuen amiantoak gaixotuta hil zela

CAFen lan egiten zuen Vicenta Burgueteren senarrak. Epaitegiek Euskal Herrian halako kasu bat aitortzen duten lehen aldia dela azpimarratu du Asviamiek. Halako beste bi kasu badirela ohartarazi du CAFeko langile batzordeak.

Vicenta Burguete 2017ko martxoan hil zen, eta amiantoa arnasteak eragindako gaixotasun baten ondorioz izan zela ebatzi du epaitegi batek. Burguete urteetan jardun zen Beasaingo CAFen lan egiten zuen senarraren buzoak eskuztatzen eta garbitzen, eta haietan zegoen amiantoa arnasten.

Epaia irmoa da, eta ezarri du CAFek 175.897 euroko kalte-ordaina eman behar diola Burgueteren alargunari, eta 15.000 euroko beste ordain bat beste senitarteko bati. Amiantoari lotutako «etxekoandre baten aldeko lehen epai irmoa da Euskadin», Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkartearen ustez.

Elkartearen arabera, epaiak «erakusten du etxekoandreek ere kalteak pairatu ditzaketela, baita bizia galdu ere enpresen axolagabekeriarengatik». Asviamiek salatu du CAFek ez diela aurre egiten bere erantzukizunei, eta «jarrera oztopatzailea» izatea egotzi dio, auzibideak luzatzen dituelako.

Beste behin ere, Asviamiek deia egin du «behin-behingoz Madrilgo diputatuen kongresuan onar dezaten amiantoaren biktima guztientzako konpentsazio funtsa, kaltearen ordaina bizi diren artean jaso dezaten». Espainiako Gorteek bitan bota dute atzera Eusko Legebiltzarrak ildo horretatik egindako eskaera. Maiatzean, berriro eskatu zion.­

Beste bi kasu

Burguetez gain, CAFen lan egiten zuten senitartekoen buzoak garbitzean amiantoa arnastu eta horren ondorioz gaixotutako beste bi emakumeren kasu ere badaude, langile batzordeak gogorazi duenez, eta emakume horietako bat jada hil da. Baina kasu horiek prozesu judizial luzeetan daude. «Zaintza zen haien lana, eta zaintza lana aitortu ez zaien bezala, orain amiantoak hil dituela ere ez da aitortu nahi», salatu du. Bihar batuko dira Beasaingo lantegiaren sarreraren ondoan, amiantoaren biktimei jarritako oroitarriaren ondoan, «isilpeko biktimak» aitortzeko.

Asviamieren arabera, 2019an 32 lagun hil ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amiantoaren hautsa arnasteak eragindako minbizien ondorioz, eta aurtengo urtarrilean beste bost zendu ziren. Nafarroako datuak ez dira hain garbiak, baina Ananar elkartean 2016an bildutako 121 bazkideetatik jada 30 hil dira; azkenetako bat, Sunsundegui autobus lantegiko Ioseba Azpiroz; urtarrilean hil zen.

Iturria: https://www.berria.eus/albisteak/178360/epaitegi-batek-ebatzi-du-emakume-bat-senarraren-arropa-garbitzean-arnastu-zuen-amiantoak-gaixotuta-hil-zela.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.