CAFek 740 milioi euroko bi kontratu lortu ditu Erresuma Batuan

281 bagoi egingo ditu Ingalaterrako iparraldean ibiliko diren hiru eta lau bagoiko 43 trenetarako, eta bi eta hiru bagoiko beste 55 trenetarako. Europan inoiz lortutako eskaera handiena da CAFentzat.

RUKontratu garrantzitsu batekin abiatu du urtean Beasaingo CAF trengileak. Ingalaterrako Arriva UKrekin eta Eversholt Rail Group finantza enpresarekin kontratu bi sinatu ditu. Bien artean 740 milioi euroko eskaera lortu du Gipuzkoako enpresa handienak. Ingalaterrako iparraldean ibiliko dira trenak, hiriak lotuz, gehienez orduko 160 kilometroko abiaduran.

CAFek Europan sekula lortutako eskaera handiena da. Eskaera poltsa betea dauka trengileak, errekor zenbakiekin, gainera, 5.500 milioi euroren kontratuak baititu zain. Ingalaterrarako 281 bagoi egingo ditu, hiru eta lau bagoiko 43 trenetarako eta bi eta hiru bagoiko beste 55 trenetarako, guztira 98 tren.

Aurreko urtean Londres eta Eskozia artean Caledonian trenak egiteko lortutako kontratuen ostean, hauexek dira CIVITY plataforman ekoitziko dituzten hurrengo trenak. Italian eta Montenegron eman dituzte jadanik plataforma horretako beste egokitzapen batzuk. Eta Herbeheretan laster emateko ekoizten ari dira ezaugarri bereko beste eskaera bat.

Ingalaterran lortutakoak, ordea, garrantzi berezia dauka CAFentzat, kopuru handia izateaz gain, estrategikoki oso posizio onean uzten baitu Beasaingo enpresa merkatu garrantzitsu batean. Datozen urteetan tren asko berritu beharko dituzte han, eta CAF lehen lerroan jarri da hautagai gisa. Gainera, Arriva UK operadorea Deutsche Bahn taldearena da, eta CAFek estreinakoz lortu du alemaniarrekin kontratua lotzea. Deutsche Bahn Europako operadore handiena da tren kopuruari begira, eta munduko handienetakoa sektorean.

ITURRIA:

http://www.berria.eus/albisteak/118852/cafek_740_milioi_euroko_bi_kontratu_lortu_ditu_erresuma_batuan.htm

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.