Home / CAF prentsan / CAF-ek Suediako EUROMAINT enpresa erosi eta trenetako mantentze lanen jarduerarekin lotuta egindako apostua sendotu du

CAF-ek Suediako EUROMAINT enpresa erosi eta trenetako mantentze lanen jarduerarekin lotuta egindako apostua sendotu du

CAF Taldeak hazteko eta dibertsifikatzeko bere estrategian beste pauso bat eman du trenen mantentze-lanetako segmentuan Suediako liderra den Euromaint enpresako akzioen % 100 erosteko adostutako akordioaren ostean. Enpresa berri hori gehituta, CAF Taldeak indartu egin du zerbitzuak eskaintzen egiten duen eta gero eta handiagoa den bere jarduera. Gainera, Eskandinaviako herrialdeetako merkatuan duen presentzia sendoa finkatu du (dagoeneko proiektu kopuru handia garatu du han).

Gaur egun, EuroMaint Suediako trenen merkatuan erreferentziazko enpresetako bat da eta honako hauen flotak mantentzeko negozioan Suediako merkatuaren kuota handi bat du: bidaiarientzako trenak, tren-makinak eta tren-ibilgailu industrialak. Bere jarduera nagusiak dira flota handien mantentze-lanak zein sektore horretako Suediako operadore nagusiei tren arloko osagaien gama zabala hornitzea. EuroMaintek herrialde osoan banatuta dauden 18 tailerretan egiten ditu lanak eta alderdi hori bera da merkatuan hazteko aukera eta lidergo-posizio argia ematen dizkiona.

Suediako enpresak 1.000 langile inguru ditu gaur egun eta aurreko ekitaldian 150 milioi euroko sarrerak izan zituen gutxi gorabehera. Gainera, CAF Taldeari eskarien zorro handia ekarriko dio eta zonalde hartako posizionamendu sendoa dela eta, zorroa handitzeko aurreikuspenak daude.

Operazio horrek osagaien hornikuntzarekin eta mantentze-lanekin lotutako jardueran CAFeko Europa mailan duen posizioa sendotuko du. Negozio horren batez besteko gauzatze-denbora handiagoa da eta, horrenbestez, horrek epe ertainera eta luzera begira salmenten egonkortasun handiagoa eskaintzen du. Gainera, Euromainten bezero kopuru handiari esker, Eskandinavian beste era bateko proiektuak garatu ahal izateko aukera berriak sortuko dira. Bestalde, erosketen arloan zein tren arloko ekipoen eta osagaien fabrikazioarekin eta hornikuntzarekin lotuta Taldeak egiten duen jardueran sinergiak lortzeko aukera ere ekarriko du.

Joan den urtean Solaris erosi ostean, CAF Taldeak eman duen beste urrats bat da, eta enpresaren 2020rako Plan Estrategikoan lerrokatuta dago. Beste hainbat helbururen artean, Planak material gurpildunaren eta zerbitzuen negozioan hazkundea izatearen eta jarduera dibertsifikatzearen aldeko apustua egin du. Horren bidez, garraio eta mugigarritasun arloko irtenbideen eta zerbitzuen hornitzaile gisa erreferentziazko talde gisa betetzen duen posizioa sendotu nahi du.

Orlando Nordics AB-ko akzio pribatuen aholkularitzako funtsekin sinatutako akordioan erositako enpresaren balioa 80 milioi euro ingurukoa da, baina amaierako balioa eragiketaren itxieran zehaztuko da dagozkion doiketak egin ostean. Itxiera 2019ko uztailerako dago aurreikusita.

Albistearen iturria: CAF

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.