Home / CAF prentsan / CAF-EK ERRESUMA BATUKO BIRMINGHAM HIRIRAKO TRANBIA BERRIAK HORNITZEKO LIZITAZIOA IRABAZI DU

CAF-EK ERRESUMA BATUKO BIRMINGHAM HIRIRAKO TRANBIA BERRIAK HORNITZEKO LIZITAZIOA IRABAZI DU

Erresuma Batuko West Midlands eremuko garraioaren eta garapen ekonomikoaren kudeaketaz arduratzen den West Midlands Combined Authority (WMCA) erakundeak CAF hautatu du 21 tranbia hornitzeko eta kopuru hori beste 29 unitaterekin handitzeko aukera jasotzen du akordioak. Lehen Urbos unitateak 2021. urtearen amaierarako entregatzea aurrez ikusi dute.

Era berean, kontratuak euskarri teknikoko eta ordezkoen hornikuntzako zerbitzuak jasotzen ditu 30 urtez. Proiektuaren guztizko bolumena 90 milioi euro baino gehiagokoa da.

CAFek hornitu zion Birminghami 2012. urtean Urbos motako 21 tranbiarekin gaur egun duen flota. Gerora, 2018an, unitate haiek ibilgailu barruan energia biltegiratzeko irtenbidearekin, Greentech-ekin, ekipatu zituzten. Irtenbide horrek sari ugari jaso ditu eta katenariaren beharrik gabe funtzionatzea ahalbidetzen duten litiozko ioien bateriak erabiltzen ditu.

Urbos unitate berriak energia ibilgailuan bertan biltegiratzeko antzeko irtenbidearekin ekipatuta egongo dira. Horri esker, aireko elektrifikazio-ekipoak instalatzeko beharra (disruptiboa eta neketsua izan daiteke hori) desagerrarazten da eta hirigunean arkitekturari dagokionez sentsibleak diren eremuak babes daitezke. Irtenbide horrek, gainera, energia- eragingarritasunari dagokionez hobekuntza esanguratsuak dakartza berekin.

Tranbia berri horiek, gaur egungo 21 Urbosekin batera, Birmingham eta Wolverhampton lotzen dituen Midland Metro Line linean eta Centenary Square-rako hedapenean (Birminghameko kultura eta negozio arloko gune esanguratsua) eskainiko dute zerbitzua.

Centenary Squarera iritsiko den hedapena 2020. urtearen hasieran irekitzea aurrez ikusi dute eta katenariarik gabe funtzionatzeko diseinatutako Erresuma Batuko tranbien lehen linea komertziala izango da.

Urbos tranbia bi kabina dituen bi noranzkotako unitate artikulatua da. Zoru baxua duenez, sarbide erraza eskaintzen die bidaiariei. Gehienez 70 km/h-ko abiaduran zirkulatzeko diseinatuta dago, eta katenariarik gabeko eremu libreetan funtzionatzeko gai da bateria bidez ontzian energia biltegiratzeko sistema hori (OESS) erabiltzen badu.

Richard Garner-ek, Erresuma Batuan CAFeko zuzendaria denak, hau aipatu du: “CAF pozik dago Erresuma Batuko metro-linea berritzaile honetarako azken belaunaldiko Urbos tranbia gehiago hornitzeko aukeratu dutelako. CAFen Urbos tranbia izango da hemen, Erresuma Batuan, intentsitate handiko linea batean funtzionatzeko bateria bidez energia biltegiratzeko teknologia erabiliko duen lehen unitatea. Urbosen diseinu moderno eta zabalak bidaia- esperientzia arina, lasaia eta erosoa eskainiko die bidaiariei”.

West Midlands Combined Authority erakundearentzako tranbia-proiektu hau garatzeak hobekuntza esanguratsuak ekarriko ditu Birminghameko eta inguruko komunitateetako garraio-sistemarako. Gainera, hiriko erdigunerako hiri-berroneratze planak sendotuko ditu.

Kontratu horrek are gehiago sendotu du CAFek Erresuma Batuko tren-merkatuan duen posizioa eta enpresak herrialde hartan azkenaldian lortu dituen arrakastak berretsi ditu. Gaur egun, enpresa hainbat operadorerekin ari da kontratuak aurrera eramaten: First Group, Serco Group Plc, West Midlands Trains Ltd, KeolisAmey eta Transport for London-ekin, esate baterako. Proiektu horiek guztizko bolumena 2.500 milioi ingurukoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.