Arnasa berreskuratzeko funtsa

Amiantoaren biktimei kalte-ordainak bermatzeko eskaria aurkeztu dute bigarrenez Espainiako Kongresuan. Proposamenaren izaera kritikatu du Rajoyk, baina negoziatzeko prest agertu da.

 Lan istripuak bezain hilgarriak edo hilgarriagoak izan ohi dira lanaren ondorioz hartutako gaitzak. Zerrenda beltz eta luze baten erakusle da amiantoa. Ia egunero eragiten ditu biktimak, eta egoerak ez du berehalakoan aldatzeko zantzurik, amiantoaren biktimek ez dutelako konpentsazio funtsik izango epaiketen bidea saihestu eta prozesua arintzeko. Ez, behintzat, oraingoz. «Injustizia» horri buelta emateko lehen harria jarri zuten atzo Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek eta Asviamie elkarteko kideek lege proposamena erregistratuta, baina ikustear dago Espainiako Kongresuak hartuko duen jarrera.

Borondate eske jo zuten Madrilera, baina berehala moztu zizkieten hegalak. Mariano Rajoyren gobernuak dudan jarri zuen funtsaren izaera, eta bigarrenez zapuztu zuen biktimen eskaera historikoetako bat. Argudioa? «Aurrekontuak desorekatuko lituzke». EAJren Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanen galderari erantzunda mintzatu zen Rajoy atzoko kontrol saioan, eta aurrerantzean gaiaz «eztabaidatzeko, hitz egiteko eta eraikitzeko» prest dagoela azaldu zuen, konpromisorik hartu gabe. «Betiere baldintza bakarrarekin: seriotasuna».

Ilea gehiegi harrotu gabe aritu zen, gaia lehenbailehen gainetik kendu nahiko balu bezala. Bi minutu eskasean likidatu zuen kontua; legez zegokion denbora ere ez zuen guztiz amaitu. Oroitarazi zuen PPk antzeko konpentsazio funts bat sortzea proposatu zuela 2012an Eusko Legebiltzarrean, baina PSOEk eta EAJk aurka bozkatu zutela, «gaia kongresura eraman eta dirua estatuak jar zezan». «Komeni da istorio hori behar bezala gogoraraztea, argudiorik gabe errieta egin ez diezadaten. Orain ez gaitzatela hildakoen erantzule bilakatu», adierazi zuen txalo eta barre artean.

Zita garrantzitsua zen atzokoa amiantoaren biktimentzat, eta antzematen zen giroan. Garaiz iritsi ziren Kongresura, taldean eta patxadaz; baina «borrokan» ibiltzearen nekea ere sumatzen dute. Gogaitu dira itxaroteaz. «Bada ordua dagokiguna geureganatzeko», aldarrikatu zuen Jon Garcia Asviamieko bozeramaileak. Kezkatuta, baina irribarrea galdu gabe mintzatu ziren lehenik babesa agertu zieten diputatuekin. Eta tentuz baina pauso ziurrez egin zuten kongresu ataritik hemiziklorainoko bidea. Urrats garrantzitsua izan baitzen atzokoa; areago, gobernuaren erantzuna entzunda.

Elkarteko kideak, ordea, ohi baino lasaiago mintzatu ziren. Alderdien jarrera aldaketak «itxaropenerako bide bat» zabaldu diela aitortu zion Garciak BERRIAri, baikor. «PSOEk eta Podemosek barkamena eskatu digute iazko tramitazioan hanka sartzeagatik, eta, proposamena atzera botaz gero egitasmoaren lema haiek hartuko dutela hitzeman digute, zuzenean Madrilen jorra dadin». Presio egin eta lege proposamena erregistratzeaz batera, alderdi guztietako ordezkariekin —baita PPkoekin ere— bilera irekia egin zuten Asviamiekoek. Kolore eta ildo politiko orotako dozena bat diputatuk bertatik bertara entzun zituzten biktimen ezinegon eta kezka nagusiak, batzar modura.

Atzokoarekin, behin ez, birritan eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Madrili amiantoaren biktimei kalte-ordainak bermatzeko funts bat sor dezala. Aho batez, baina fruiturik gabe. Iazko urrian egin zuen lehen ahalegina Gasteizek maiatzean alderdi guztien sostengua jaso ostean, baina danbateko batez itxi zion atea gobernuak: eztabaidatzeko aukera bera ukatu zion. Kongresuko mahaiak utzi zuen tramitea bertan behera, funtsa sortzeak zuloa 5.000 milioi euro handituko lukeela arrazoituta. Ez aurrenekoz. Formula hori geroz eta gehiago erabiltzen ari dira popularrak gehiengo osoa galdu zutenetik, oposizioaren haserrerako.

Testu egokitua

Amore emateko prest ez daudela berretsi dute behin eta berriz, ostera. Finantzaketari dagokion atala ere egokitu dute orain, Madrilek jatorrizkoari ezarri zion betoa indargabetu, trikimailuei izkin egin eta gobernua limurtzeko asmoz: martxan jartzeko dirua funtsa sortu eta hurrengo sasoiko aurrekontuetan sartuko litzateke. Honela esplikatu zion Estebanek Espainiako gobernuburuari: «Iazko aitzakiak jada ez du balio, Rajoy jauna, posible litzatekeelako hurrengo urteko aurrekontuetan sartzea. Zergatik ez?». Aldaketa hori eginda eta berriro ere alderdien oniritzia lortuta tramitea ukatuko ez zieten itxaropenarekin bueltatu ziren atzo biktimak Madrilera. Baina alfer-alferrik: esku hutsik itzuli ziren.

Orotara, amiantoari lotutako dozena bat egitasmo bota ditu atzera kongresuak urteotan. Oraingoan, halere, kongresuak biktimen esfortzua aintzat hartzea espero du EH Bilduko parlamentari eta legebiltzarreko lehendakariorde Eva Blancok. Erakundeen «erantzukizun sozialaz» abisatu zuen Garciak, duela gutxira arte baimendutako produktua izan dela gogorarazita. Hain justu, Eusko Legebiltzarra aitzindaria izan da gai honetan. 2012an eratu zuen amiantoaren biktimen egoera aztertzeko lantaldea, eta, lau urteko lanaren ondotik, konpentsazio funts bat eratzeko proposamena onartu zuten aho batez maiatzean.

Espainia osorako funts bat egokiagoa izango zela iritzita, Kongresura jo zuten alderdiek. Oro har, Europako hainbat herrialdetan dauden esperientziak egokitzen ahalegindu dira: Belgikako, Herbehereetako eta Frantziako konpentsazio funtsak ikusita, azken horren antzeko sistema egituratzea erabaki dute. Ate horiek irekitzekotan, biktimek ez lukete auzitara jo beharko: epaitegien zain egon gabe kalte-ordaina «asko jota» sei hilabetean jasotzea da proposamenaren xedea.

Gutxienez, 2023ra arte

Oraindik, baina, asko dira aukera hori urratzea beste biderik ez dutenak. Urterokoa da. Kaltetuak babesgabe daudela ohartarazi zuen atzo Jon Hernandez Elkarrekin Podemosko parlamentariak: «Justiziara jotzea beste biderik ez dute, eta sarritan zaila da frogatzea amiantoaren eragina 20-50 urteren ostean; prozesu garestiak eta luzeak dira, enpresa asko existitu ere ez direlako egiten». Are okerragoa da etxebizitzan edo kalean amiantoagatik gaixotutakoen egoera. «Ez dute nora jo kalte-ordainak eskatzera», erantsi zuen Garciak.

Asviamiek berak oroitarazi du gaitzaren aldirik okerrena oraindik iristear dela. «2023ra arte, gutxienez, ez da irauliko kasuen goranzko joera». Deigarria da amiantoak kalte egindako emakumeen kopurua; kaltetuen %20 dira jada. Baina gaixotasun eta heriotzek eragindako minaz harago, bada sufrimendu gehigarririk. «Senideentzat sekulakoa da kostu emozionala, eta irtenbide global bat eman nahi diogu horri», nabarmendu zuen Garciak.

Gaur-gaurkoz, 1.500 lagun ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan amiantoarekin beharrean, eta, aldizkako azterketak egiten dizkieten arren, Asviamiek ez du askitzat. Egun, Gizarte Segurantza ari da biktimei arreta ematen, baina segurtasun eta higiene legeak urratzen direla salatu du elkarteak. Eta datuek arrazoia ematen diote, urtean 700 kasu berri agertzen baitira. 1994tik 2008ra 3.943 hildako zenbatu ditu Asviamiek, eta amiantoaren erruz azaleratutako eritasunak oldean ari dira hedatzen, gehienak erretiroa hartu ondoren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.