Home / albisteak / AMIANTOAK EMAKUMEZKO AURPEGIA ERE BADU

AMIANTOAK EMAKUMEZKO AURPEGIA ERE BADU

Ilunpetik argira; amiantoaren aurpegi guztiak aitortu behar dira

Entzun prentsaurrekoa

Urte luze daramagu CAFeko langileok amiantoa sufritzen, gure lankideak nola gaixotzen diren ikusten, egoera hori guztia salatzen eta Amiantoaren ondorio larriak jendarteratzen. Denbora horretan ere, gaixoen aitortza eza, Amiantoaren ondorioak nola ezkutatzen diren eta Instituzio guztiek gaiaz nola paso egiten duten sufritu dugu.

50 lankide eta lagun hil ditu Amiantoak; CAFeko 50 langile erail dituzte. Ukaezina da guk barruan dugun samina eta amorrua. Gainera, familia horiek epai prozesu amaigabe eta sufrimendu luzera kondenatu dituzte. Gaur ere, gure maitasun eta babes osoa guzti horiei.

Halaber, Amiantoak hildako langile guztiak ez daude aitortuak eta hori oso larria eta onartezina da. Amiantoak hildako langile ikusezinak daude. Horiek guztiak, ilunpetik argira ekarri behar ditugu.

Produkzioan gaixotutako langileez gain, zeharka gaixotu direnak ere badaude. Horren adibide batzuk egin nahi ditugu gaurkoan publiko.

Etxean, gure arropak garbitzearren edota zeharkako arnasketagatik, gaixotu direnen aitortza exijitu nahi dugu.

Vicenta Burguete Gambart

Puri Muñoz Muñoz

Maria Dolores Sabino Lopo

Hiru familia, bi bikote eta alaba bat, hiru emakume; CAFeko familiartekoaren buzoa garbitzearren Amiantoa arnastu eta gaixotu direnak. Gainera, horietako bi jada hilik daude; inolako aitortzarik gabe eta prozesu judizial are eta konplikatu eta luzeagoekin. Zaintza zen beraien lana, eta zaintza lana aitortu ez zaien bezala, orain Amiantoak hil dituela ere ez da aitortu nahi.

Aste honetan jakin ahal izan dugu epai horietako bat irabazi dela, baina aitortzeaz haratago, Bixentaren familiak CAFi aurre egin behar izan dio, eta bide judizial luze eta gogorra sufritu.

Enpresa buruei, Politikariei eta Instituzioei eskatzen diegu:

1. Inolako diskriminaziorik gabe, Amiantoaren biktima guztiak onar ditzatela; zuzeneko edota zeharkako arnasketa izanik ere. Gainera, aitortza espezifikoa egin diezaiotela, zaintza/garbiketa lanegatik gaixotutako pertsonen, batez ere emakumeak, aitortzari.

2. Amiantoak gaixotutako biktimen zerrenda publikoa egin dezatela; denon artean osatu eta zerrenda erreala izan dadin.

3. Amiantoaren ondorioak eta biktimak gutxiesteari uztea eskatzen diegu behin betikoz. Errekonozimendua, erreparazioa eta prebentzioa arazo honetan ardatz izanik. Prozesu judizial amaigabeei eta sufrimendua luzatzeari utzi diezaiotela.

4. CAFeri eskatzen diogu, aitor ditzala emakume hauen gaixotasun laboralak, CAFen urteetan amiantoa ibili izanaren biktima zuzenak bai dira beraiek ere

Guk, CAFeko langileok, gaurkoan gure maitasun guztia familia horiei. Ez dugu isilpeko biktima izaten utziko, entzun gaitzatela. Gaur martxoaren 8aren bezperetan, emakume hauek ilunpetik argitara atera nahi genituzke, Zaintza lanak aitortu, amiantoaren biktima guztiak aitortu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.