2016ko negoziazioaren inguruko LABen ikuspuntua

hitz.

Pasa den astelehenean, hilak 23, BIM (Beasain, Irun, Madrid) murriztua burutu genuen, egungo hitzarmena ez salatzeko LABek egindako proposamenaren inguruan erabakitzeko eta honela, 2 urtetarako daukagun ultraaktibitateaz baliatuz, negoziaketa langileontzako egokiagoa izan daitekeen egoera batera (ez dakigu oraindik noiz arte) atzeratu asmoz.
Duela hilabete inguru egindako afiliatu batzar batean azaldu eta onartu genuen, egun bizi dugun lan karga egoeraren ondorioz, LAB-CAF sail sindikalaren arabera, ez dela baldintza egokirik ematen hitzarmena bihar bertan negoziatzen hasteko. Azkeneko hilabeteak, lan karga faltari aurre egiteko neurrien inguruan akordio bila pasa ditugu eta egun oraindik 2016rako neurrien negoziaketa daukagu mahai gainean.
Hasieran BIMeko bileran ez gara guztion arteko adostasunera iritsi (ELA eta ESK salaketa orain egitearen alde eta ESK negoziaketa ere orain hastearen alde, CCOO eta UGT, berriz, LABen proposamena babestu dute). LABen ustez, eta egoera hau aztertuta, honelako erabaki batean gehiengo osorik gabeko erabaki batek ez daukala zentzurik ikusi dugu,nahikoa baita sindikatu bat bakarrik, legez bihar bertan gaurko erabakia atzera botatzeko. Azkenean,egungo hitzarmenaren salaketa (edozein hitzarmenen negoziazio hasieran eman beharreko pausu administratiboa) bere horretan ez denez helburu bat, erdibideko erabaki bat hartu dugu. Egungo Hitzarmenaren epealdia salatzea adostu dugu, ondorengo negoziazioa noiz eta nola egingo dugun definitu gabe.
Gauden egoeran, LABentzat garrantzitsuagoa da lan kargen inguruan dauzkagun negoziazioetan zentratzea. Bertan, hitzarmenarekin harreman zuzena daukaten baldintza eta kontrapartidak (enplegua eta lanaldia) dauzkagu mahai gainean. Gure ustez, egoera honetan negoziatzeak, hitzarmenean garrantzitsuak diren ere soldata eta bestelako gai sozialen aldarrikapena debaluatuta utzi ditzake. Honegatik, nahiago dugu hitzarmenaren negoziazioa atzeratu edo egoera hobe baten erritmora utzi.
LABen jarrera, 2016ko lan kargen inguruko irtenbide akordatu bat hitzartu arte, hitzarmenaren negoziazioa EZ BULTZATZEArena izango da. Erabaki hau hartu arren, egoerak hala eskatuko balu, fronte guztiak aktibatzeko pausuak eman beharko genituzke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.